ez erabaki nire ordez portada

EZ ERABAKI NIRE ORDEZ

ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN ALDEKO KANPAINA

Azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Eginaren Eginez elkarteak «EZ ERABAKI NIRE ORDEZ» kanpaina bultzatu du, desgaitasuna duten emakumeek beren bizitzari buruz erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Kanpainak sarritan oharkabean pasatzen diren egoeretan jartzen du arreta: beste pertsona batzuek hartutako erabakietan, gehiegizko babeseko jarreretan eta aukeratzeko gaitasuna zalantzan jartzen duten aurreiritzietan.

ez erabaki nire ordez, kaleko kartela

Mezu aldarrikatzaileen eta lehen pertsonan kontatutako testigantzen bidez, elkarteko emakumeek ahotsa altxatzen dute funtsezko zerbait aldarrikatzeko: beren borondatea entzuna izan dadila eta hartzen dituzten erabakiak errespetatuak izan daitezela.

EGUNERO ZENBAT ERABAKI HARTZEN DITUGU?

cifras

Egunero hamaika erabaki hartzen ditugu. Batzuk txikiak eta ia automatikoak dira: zer jantzi, zer jan edo nola antolatu gure denbora. Beste batzuek, berriz, gure etorkizuna baldintzatzen dute: zer ikasi, non lan egin, norekin harremanak izan edo non eta norekin bizi.

Erabakitzea hain da egunerokoa, ezen gutxitan gelditzen baikara horri buruz pentsatzeko, edo erabakitzeko aukerarik ez izateak zer esan nahi duen hausnartzeko.

Hala ere, desgaitasuna duten emakume askok erabakitzeko gaitasuna mugatzen dieten oztopoei egin behar diete aurre.

Gehiegizko babesak, estereotipoek eta jarrera paternalistek eragin dezakete senideek, profesionalek edo inguruko beste pertsona batzuek erabakiak hartzea, haien iritzia behar beste kontuan hartu gabe.

Egoera horiek eguneroko gaiei zein bizitzako funtsezko alderdiei eragin diezaiekete: hezkuntzari, enpleguari, harreman pertsonalei, amatasunari edo bizitzeko lekua aukeratzeari.

Erabakitzea ez baita aukera desberdinen artean hautatzeko aukera izatea soilik. Informazioa izatea, beharrezko laguntzak eskura izatea eta norberaren borondatea errespetatua izatea ere bada.

NIK ERABAKITZEN DUT NIRE BIZITZA

Nire bizitza nirea da. Nire erabakiak ere bai.

Nire orainari eta etorkizunari buruz erabaki nahi dut, nire bidea aukeratu eta behar ditudan laguntzak jaso, inork nire borondatea ordezkatu gabe.

Akatsak egiteko, iritziz aldatzeko, arriskuak hartzeko eta nire bizi-proiektua eraikitzeko eskubidea dudalako.

Ez erabaki nire ordez. Entzun nazazu, errespetatu nazazu eta utzi niri erabakitzen.

NORBERAK HARTUTAKO ERABAKIAK, BENETAKO ISTORIOAK

«NIK ERABAKITZEN DUT» bakoitzaren atzean istorio bat, bizipen bat eta askatasuna ulertzeko modu bat daude.

Eginaren Eginez elkarteko emakumeek beren erabakiak hartzeak zer esan nahi duen, zer oztopo aurkitu dituzten eta haien ahotsa entzunarazteak duen garrantzia partekatzen dute.

Bizitzeko modu bakar bat ez dagoelako. Emakume bakoitzak berea aukeratzeko eskubidea du.

ESKUBIDE ONARTUA,
EZ EMANDAKO KONTZESIOA

NBEren Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioak norberaren autonomia, norberaren erabakiak hartzeko askatasuna barne, oinarrizko printzipioetako bat dela aitortzen du.

Eskubide horrek esan nahi du desgaitasuna duten emakumeak beren bizitzen protagonista direla aitortzea, haien lehentasunak errespetatzea eta erabakitzeko gaitasuna baliatzeko behar izan ditzaketen laguntzak bermatzea.

Berdintasunak norberaren bizitzari buruz erabaki ahal izatea ere esan nahi du.